LANera sarea

Nondik sortzen da?

Gaur egun, enpresek eta jarduera ekonomikoek gero eta erronka handiagoei egin behar diete aurre: pertsonak erakartzea eta atxikitzea, bezeroekin harreman hurbilagoak eraikitzea, zerbitzuak hobetzea eta lehiakorragoak izatea.
Testuinguru horretan, hizkuntzak ere badu zer ekarri.

Euskara eguneroko jardunean txertatzeak aukera ematen du pertsonen eta bezeroen beharrei hobeto erantzuteko, komunikazioa eta harremanak hobetzeko eta erakundeen jarduna eraginkorragoa egiteko.

Horregatik sortu da LANera: euskarak lan-munduan izan dezakeen balioa aztertzeko eta balio hori praktikara eramateko ekimena.

LANerak enpresei eta jarduera ekonomikoei lagundu nahi die sektore bakoitzaren errealitatetik abiatuta, neurrira egindako tresnak, esperientziak eta irtenbideak eskainiz.

Azken batean, euskararen erabilera eta jarduera ekonomikoaren beharrak uztartzea da LANEeraren helburua: pertsonentzat, enpresentzat eta bezeroentzat balioa sortuz.

Zer da LANera?

LANera egitasmoa JAUZIA GARA estrategiaren barruan kokatzen da, eta horren helburua da datozen hamarkadetan euskara biziberritzearen inguruan adostasun zabala lortzea.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abiatutako LANera estrategiak eremu sozioekonomikoan euskararen erabileran jauzi kualitatiboa ematea du helburu, bereziki industrian, merkataritzan, ostalaritzan eta finantza munduan.

Abiapuntua argia da: azken hamarkadetan euskararen ezagutzan aurrerapen handiak egin diren arren, erabilera ez da neurri berean hazi. Horregatik, LANerak ikuspegi berri bat planteatzen du: ez ulertzea euskara identitate gisa bakarrik, baizik eta balio erantsi, lehiakortasun eta kohesio sozialerako aktibo gisa.

Helburuak

Normalizazioa

Euskara lan-munduan normalizatzea, enpresetako eguneroko jardunean txertatuta.

Lankidetza

Lankidetza sustatzea, eragile publiko eta pribatuen artean sareen bitartez.

Lidergo instituzionala

Lidergo instituzionala aktibatzea, ikuspegi bateratua eta eskala emateko.